2013-11-07

EUROPAKO HIDROGRAFIA

Beste kontinentetakoekin konparatuz gero, Europako ibaiak ez dira oso luzeak, ezta oso emaritsuak ere.
Haien azterketa egiteko, zein ozeano edo itsasotan isurtzen dituzten urak behatuko dugu, 4 isurialde desberdinduz:
1.- Arktiar ozeanoan itsasoratzen direnak
Petxora eta Ipar Dvina adibidez. Ibai hauek Europako ekialdeko lautada zabalak zeharkatzen dituzte.
Iparraldean daudenez, negu garaian beren urak izoztuak egoten dira.
2.- Atlantiar ozeanoan itsasoratzen direnak
Ibai ugari aipa ditzakegu talde honetan: mendebaldeko Dvina, Vistula, Oder, Elbe, Rhin, Sena, Loira, Garona, Thames, Duero, Tajo
Ibai hauetako gehientsuenek Europako lautadak zeharkatzen dituzte eta beren ur-emaria nahiko erregularra da. Aldapa gutxi eta ur nahiko dutelako, asko nabigagarriak dira.
3.- Mediterraneoan itsasoratzen direnak
Beren urak Mediterraneora isurtzen dituzten ibaien artean garrantzitsuenak Ebro, Rodano eta Po dira.
Ibai hauek ez dira oso luzeak, eta gainera orain arte aipatutakoak baino lurralde askoz menditsuagoak zeharkatzen dituzte. Jaiotzen diren tokiko mendilerroak altuagoak dira eta itsasoratzen diren kostara egin beharreko ibilbidea ez da lautadetan bezain luzea.
Ur emari aldaketa handiak izaten dituzte, eta sarritan, uholdeak sorrarazten dituzte gainera.
4.- Itsaso Beltzean edo Kaspiarrean itsasoratzen direnak
Ibai hauek, Europako luzeenetakoak dira eta lautadak zeharkatzen dituztenez, aldapa gutxikoak eta nabigagarriak dira.
Itsaso Beltzera jaisten diren ibaien artean, Danubio, Dniester, Dnieper eta Don dauzkagu.
Kaspiar itsasora jaisten direnen artean berriz, garrantzitsuenak Volga eta Ural dira.